1. Familiei laguntzeko politiken erronkak Euskadin
Lan honetan egindako azterketei esker, Euskadiko familia-politiken erronka batzuk identifikatu ahal izan ditugu eta gure iritziz botere publikoek behar adinako erantzuna eman behar diete erronka horiei datozen urteetan. Jarraian zehatz azalduko ditugu erronkok. Ondoren, aurrez identifikatutako erronkei behar bezala aurre egiteko, Euskadiko familiei zuzendutako politika publikoak artikulatzen dituzten administrazio desberdinei gomendio batzuk planteatuko dizkiegu.
Gure azterketan hautemandako erronkak gai hauei buruzkoak dira:
Familiei laguntzeko politiken buruzagitza eta zeharkakotasuna
Familiei laguntzeko politiken erronkarik handienetakoa da datozen urteetan buruzagitza irmoa garatu beharra dagoela gai honetan inplementatutako neurriak Euskadiko ekonomia– eta gizarte–, lan– eta gizarte–, hezkuntza– eta gizarte– eta osasun– eta gizarte-errealitatera egokitu daitezen. Horrek inplikazio bikoitza du euskal botere publikoentzat: batetik, dauden administrazio-egiturak gizarte-beharretara egokitu beharra dago, familien behar berrien ondoriozkoak baitira gizarte-behar horiek; eta bestetik, familiei laguntzeko euskal legedia garatu behar da, familia-politiken eskumeneko errealitateetara zehatzago egokituko diren neurriak hartzeko marko juridiko egokia finkatu dadin.
Horretarako, zenbait gomendio proposatzen ditugu aurrerago; gomendio horien xedea alor honetako eragile nagusiak eta bideak artikulatzea da eta horren ondorioz familiaren ikuspegia sartu eta finkatuko litzateke euskal erakunde-sare osoan eta familien alorrean indarrean dagoen legezko markoa garatuko litzateke bai familia politikari dagozkien neurriekiko bai eragin handiko beste sektore neurriekiko.
Inbertsio publiko handiagoa, seme-alabak dituzten familien gastuak konpentsatzeko
Euskadirentzat funtsezko erronka da seme-alabekiko familiei babes ekonomikoa emateko egin beharreko inbertsio publikoa. Gai honetan europar testuinguruarekin pixkanaka parekatzeko, beharrezkoa da familia hauen gastuen konpentsazio publikoaren neurriak oso haztea.
Adierazi den bezala, Euskadik orain arte izan duen gastuen konpentsazio-sistema ez-unibertsala eta batez ere dedukzionista izan da; europar testuinguruan izaera unibertsalagoa eta inbertsionistagoa duten arren.
Gure inguruko herrialdeek familien ahaleginari lagundu egiten diote, seme-alabak izatea, haztea eta heztea esfortzu handia baita eta herrialde horien pare jarri behar izanez gero pixkanaka, ahalegin ekonomiko publiko handiagoa egin beharra dago, seme-alabekiko familientzat zuzeneko laguntzak unibertsalizatzea lor dadin. Era berean, beharrezkoa da zerga-ereduaren egiazko progresibitateari buruzko hausnarketa prozesua abian jartzea, irtenbide berritzaileagoak eta inklusiboak aurkituaz, beste europar errealitate batzuetan bezala.
Bizitza pertsonala, familiako eta lanekoa uztartu
Familiei laguntzeko politikek duten beste erronka handietako bat familiako bizitza, lanekoa eta bizitza pertsonala uztartzeko neurriak sakontzeari, garatzeari eta hedatzeari buruzkoa da.
Europar erkidegoko Zuzenbidetik neurri desberdinak sustatzen ari dira eta egiturazko eta balio arloko aldaketak eskatzen dituzte, europar familien eskariei erantzuteko, baita Euskadiko familien eskariei ere, arlo honetan gero eta aurrerapen gehiago eskatzen baitituzte. Familiek beraien eguneroko bizitzan familia eta lana uztartzeko dituzten zailtasun handiek zeresan handia dute biztanleria zahartzean eta egungo ongizate sistema, gaur egun ulertzen dugun bezala, etorkizunean mantentzean ere.
Euskal botere publikoek gaur egun erantzun beharreko erronka nagusiak hauek dira: familiako eta laneko bizitza uztartzeko estrategia koordinatuak sustatu, sentsibilizazio estrategiak garatu eta baliabide eta bokazio unibertsala duten laguntza eraginkorrak abian jarri.
Egoera zaurgarrian dauden familiei lagundu: familietan eragina duten beste sektore batzuetatik esku hartzea
Azterketa honetatik ondorioztatu dugunez, Euskadin oraindik ere beharrezkoa da laguntza bereziko neurrietan sakontzea laguntzarik txikiena duten familiei edo zailtasun objektiboak dituztenei laguntzeko eta hori batez ere hiru arlotan egin behar da:
– Familia egoera desberdinen erabateko aitorpen juridikoa, Familiei laguntzeko 13/2008 Legea garatzen duten lege instrumentuek familietako gorabehera eta eredu desberdinei estaldura eta laguntza emateko balio dezaten.
– Laguntza sozioekonomikoa, familiako zailtasun ekonomiko objektibagarriak txikitzeko edo arintzeko baliabideak eta euskarriak haziaz, batez ere zuzeneko laguntzen bidez, europar herrialde batzuetan egiten den bezala.
– Gizarte– edo kultura-arloko bazterkeria-faktoreen aurkako borroka, arrazoi horien ondorioz gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden familiek laguntzarako tresna eraginkorrak izan ditzaten.
Bestalde, beste politika sektorial batzuetatik (hezkuntza, etxebizitza edo mendekotasunaren babesa) diseinatutako neurriei lotutako beste erronka batzuk ere hauteman ditugu eta hauek ere eragin handia dute familietan.